domingo, 12 de mayo de 2013


Hona hemen hainbatetan berridatzitako istorioa, neure aititeren haurtzaroko oroimenetan oinarritua.
Zeure omenez, aitite: 

"Gerra usaina hartu zion egunak goiz hartan urdinez tindaturiko zeru oskarbiari.
Horixe otu zitzaion Atxuritik Indautxura zihoan bost zenbakidun tranbia gidatzen zuen bitartean, bonbarderoek isuritako kearen zantzurik ez zegoen arren. . .

Sukaldean sartu zenean jada, familia osoa zuen zain; seme alabak, emaztea eta bere ama, alargun geratu zenetik, hilobarekin etxeko logeletako bat partekatzen zuena.
Platerak jadanik beteta zeudela, leihotik zehar galdu zuen begirada, bere buruari behin eta berriro errepikatuz, beranduegi zela abioiak Bilboko zerua zeharkatzeko, ez zela egun hartan gertatuko.
Koilara indaba gorrien artean sartu zuen amore emanda, bere amaren marmarei ez entzunarena eginez, seme gazteenak ogi erdia jan omen zuelako etxerako bidean.
Eta orduan gertatu zen gertatu beharrekoa. Sirenak entzun zituzten une berean artez jarri ziren denak, bera izan ezik, eta emazteak umeak hartu zituen, bakoitza esku batekin kale berean zegoen Delprit izeneko dendaren sotora babes bila abiatzeko.

Guztia isilean burutu beharreko otoitza bezalakoa bilakatu zitzaien azken boladan; umeek ez zuten galderarik egiten eta helduen artega aurpegietan nabaria zen arren, lasaitasun plantak egiten zituzten, gero eta errazago, antzoki bateko aktoreak bailiran.
“Ez al zara etorri behar?” Bota zion emazteak, larregi tematu gabe. Eta ohi legez, burua alde bietarantz mugituz ihardetsi zion, sarritan esaten zuen bezala, bazkalordua aukeratzen baitzuten bati faxistek Bilbo bonbardeatzeko. Ogi zati bat ahoratu eta edalontzia urez bete zuen, seme alabek alde egiten ikusi zituen bitartean. Begiak ziplo itxi eta lubakietatik zetozen tiroen hotsak imaginatzean sumindu egin zen. Militarrek Bilbo setiatzearekin nahikoa ez bazuten, bazkalorduak ere zapustu behar zizkioten...

"

No hay comentarios: